LH 1eko ikasleok Aintzinako Grezia gaiari amaiera emateko, Olinpiadak antolatu genituen astelehenean Ategorrietan. Gonbidatu bereziak izan genituen, gainera, HH5eko lagunak guregana etorri baitziren. Arratsalde polita benetan!
Bigarren hiruhilekoari amaiera emateko, LH3ko ikasleek txotxongiloen emanaldia eskaini diegu 1. eta 2.mailako lagunei aste honetan! Gainera, guk geuk sortutako txotxongilo eta istorioak prestatu ditugu. Zeinen polita den guk egindakoarekin besteak gozatzen ikustea!
LH1 eta LH5eko lagunek oso momentu politak igaro genituen elkarrekin ostegun arratsaldean. LH5ekook hiruhileko honetan zehar sortu ditugun ipuinak kontatu genizkien txikiei, eta ondoren elkarrekin jolastu genuen poz-pozik!!
Baionako Estitxu Robles Kolegioko lagunekin elkartrukea egin dugu aste honetan DBH 1eko lagunok! Haien etxeetan izan gara aste hasieran, eta astea amaitzeko haiek etorri dira gure etxeetara. Esperientzia ezin hobea izan da, eta lagun onak egin ditugu gainera!
Ikastolatik kanpo ere plangintza zabala izango dugu eskura egun hauetan! Hemen duzue Korrikaren harira Grosen antolatu den egitaraua, eta bereziki dei egiten dizuegu Zurriola Ikastolako Gurasoen Euskara Batzordeak antolatu duen “Korrika eta Presaka” bakarrizketa-saioa ikustera, hurrengo asteazken arratsaldean Koba hostelean.
Abiatu da Korrika, eta Euskal Herrian zehar 2500 kilometro baino gehiago egin ondoren, 11. egunean emango dio amaiera Baionan. Jarduera berezi ugariko egunak dira hauek Ikastolako geletan, eta hurrengo ostiral eta larunbatean kalera aterako dugu ospakizuna.
Azken asteotan, DBH3ko ikaslek Haziberria egitasmoaren bigarren saioan parte hartu dugu Cristina Enea fundazioarekin eta Udaletxeko lorezainekin batera. Miramoneko basoan izan gara, eta hainbat zuhaitz espezieren landaketa-prozesua ezagutu eta gauzatu dugu.
Martxoaren 8an Lasarten elkartu ginen Gipuzkoako bertso eskoletako hainbat bertsolari Gelatik Plazara sariketan. Zurriola Ikastolako bertsolariok ere bertan izan ginen, eta gure lehen plaza egin genuen!!!
Zurriola Ikastolak ere egingo dizkio ekarpenak ekainean egingo den Ikastolen VII. Batzarrari, eta egindako planteamenduaren inguruan hausnartu eta ekarpenak biltzeko saioa egin genuen asteartean Ikastolako hainbat langile eta gurasok. Orain Artezkaritza Kontseiluaren txanda da, Ikastolen Elkarteari bidali aurretik ekarpenak bildu eta aztertzeko.