Skip to main content

Hezkuntza proiektua

SARRERA

Agiri labur honen testuingurua honako hau da: Alde batetik, Ikastolaren ibilbide pedagogiko-metodologikoak bizi duen eraldaketaren lekukoa izan nahi du. Hau da, guztiz dinamikoa izaten ari den hezkuntza ikuspegia deskribatu nahiko luke, ezinbestean ematen ari garen eta eman behar diren hurrengo pausuak era kontsentsuatu eta koherentez eman ahal izateko.

Beste aldetik, ZURRIOLA IKASTOLA I.K.E.k azken hamarkadetan sortu, ekoiztu eta, batez ere, gordetako agiritegiaren sintesia jaso nahi du. Hau da, izan garenari eutsi nahi dio aipatu dugun aro eraldatzaile eta dinamiko honetan, Zurriola Ikastolaren ondare eta transmisioa eten ez dadin.(*)

Eta azkenik, dokumentu honek oinarri izan nahi luke, erakunde gisa abiatzekoa dugun plan estrategikorako.

Beste era batera esanda, agiri honetan ZER GARA? ZERTAN ARI GARA? ZER EGIN NAHI DUGU? eta NOLA EGINGO DUGU? galderei erantzun ahal izateko pistak eman nahi ditugu.

Hezkuntzari dagozkionak dokumentu arin bezain sendo honek jasoko ditu, hartara, egunerokotasunak ekarritako moldaketak modu errez batean egokituko ditugu dokumentu honen bertsio berrituetan.

Plangintza estrategiko batek ekarriko dituen bestelako elementu egonkorragoak, ordea, ez ditugu bertan agertuko (erakundetzea, kooperatibaren ildoa, ikastolaren organigrama, etab.) Hala eta guztiz ere, bertan izango dira, lerroartean, etorkizuneko dokumentu mardulak jaso ditzan.

Modu berean, zehaztapen metodologiko eta kurrikularrak etapaz etapa eta arloz arlo osatutako sekuentzia didaktikoetan jasoko dira. Halaber, proiektu eta asmo orokorragoak Ikastolako Urteko Planean deskribatuko dira.

Honenbestez, gure esku dagoen erronka zera da: dokumentu sendo honi arintasun formala eman, aldioro partekatu, kontsultatu, aztertu eta birplanteatu ahal izateko modua izan dezagun eta hain eskuragarri ez diren beste dokumentu mardulago horien oinarri dinamiko eta koherente izan dadin.

(*)Kooperatibako estatutuak, indarrean dagoen Ikastolako Hezkuntza Proiektua, Ikastolako Xedea, Printzipioak eta Baloreak izeneko dokumentua, Batzarretako aktak, Artezkaritza Kontseiluko erabakiak, Zuzendaritzak edota Irakasleriak hartutakoak, Ikastolako Urteko Planak, Hizkuntza Proiektua, etab.

NOR GARA

Donostiako ZURRIOLA IKASTOLA IRAKASKUNTZA KOOPERATIBA ELKARTEA, Euskal Herriko Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteko, hau da, Ikastolen Elkarteko kidea, gurasoz, ikaslez eta langilez osatutako herri-onurako hezkuntza-komunitate euskalduna gara. Eta gure helburua da inguruan kalitatezko euskal hezkuntza eskaintzea, irakaskuntzarako proiektu berritzaileak oinarri hartuta. Ikastolaren hezkuntza-proiektuak hiru ardatz ditu oinarri: norbanakoaren autonomia, parte-hartze aktiboa eta euskalduntasuna. Hau da, pertsonengan oinarritzen den proiektu kooperatibo bat gara, konpromisoz eta arduraz bere buruaren jabe dena eta Donostialdeatik mundura ikasle euskaldun eta euskaltzaleak hezten dituena.

Zurriola Ikastolak, gizarteko beste eragile batzuekin batera, Euskal Herriko gizartearen etengabeko eraikuntzan eta hobekuntzan parte hartzen jarraitu nahi du, eta, horretarako, lehenik eta behin, bere inguru hurbila osatzen duten eragileekin harreman gero eta estuagoak izaten ahaleginduko da. Gainera, Berdintasun Planean jasota dagoen modura, gizon eta emakumeen arteko desorekaren aurka lan egiteko konpromiso sendoa du.

ZER NAHI DUGU

Ikastolaren helburuak hiru eremutan bil ditzakegu:

  • Zer nahi dugu Zurriolako Ikaslearentzat?
  • Zer nahi dugu Zurriola Ikastolarentzat?
  • Zer nahi dugu Zurriola partaide den gizartearentzat?

Zurriola Ikastolako kideon helburua honako IKASLEA heztea da:

  • EUSKALDUN EUSKALTZALEA
  • KOMUNIKATZAILE ELEANITZA
  • BIZIKIDETZAREN SUSTATZAILEA
  • INGURUMENAREKIKO ERRESPETUAREKIN KONPROMETITUA
  • OSASUN OREKA BILATZEN DUENA
  • JAKIN-MINA DUENA
  • AUTONOMOA
  • KOOPERATIBOA
  • KRITIKOA
  • EKINTZAILEA
  • SORTZAILEA
  • BALIABIDE TEKNOLOGIKO eta DIGITALEN ERABILTZAILE ERAGINKOR eta ARDURATSUA

Ezaugarri bilduma honi Zurriolako Ikaslearen Irteera Profila (ZIIP) eman diogu izena. Bertan ezaugarritzen dira hainbat konpetentzia intelektual eta afektibo, Zurriolako ikaslearen pertsona-heziketarako baliabideak nabarmenduz.(1)

Profil hau lortzeko mesedetan jarriko ditu Ikastolak bere baliabide ekonomikoak, giza-baliabideak eta hurrengo atal nagusian zehaztuko ditugun ildo pedagogiko eta metodologikoak (NOLA EGITEN DUGU).

Ikastolako kideok honako hau nahi dugu Zurriola Ikastolarentzat:

Zurriola Ikastolak hezkuntza-erakunde eraginkorra izan nahi du, proiektu sendoa eta eguneratua duena, hezkuntza-proiektua aurrera eraman ahal izateko. Horretarako, gure proiektuarekin bat egiten duten erakunde, talde eta gizarte-eragileekin lan egingo du.

Zurriolak Ikastolaren proiektuarekin eta kudeaketa kooperatiboaren ereduarekin identifikatzen den komunitate parte hartzaile, arduratsu eta inplikatua osatu nahi du (guraso, langile eta ikasleekin).

Zurriola Ikastolak honako hau nahi du partaidea den gizartearentzat:

Zurriolak euskara sustatzaile eta euskal kulturaren transmisorea izan nahi du eta lan horretan arituko da bere inguruko gizarte-eragileekin batera.

Euskal Herriko lurraldetasuna aintzat hartuta, Euskal Herriko gizartearen etengabeko eraikuntzan eta hobekuntzan parte hartzen jarraitu nahi du Zurriolak. Horretarako, lehenik eta behin bere inguruko komunitate eta auzoekin eta oro har, Donostialdeako hezkuntza, kultura eta gizarte eragileekin, harremanak landu eta erreferentzialtasuna bilatzen ahaleginduko da.

Amaitzeko, Zurriola Ikastolak eraldaketaren aldeko apustua egiten du. Zurriola osatzen dugun pertsonok auzoan, gure komunitatean, eragin nahi dugu, Donostialdea eta Euskal Herri hobe batetik mundu hobea eraikitzeko begirada eta jarrera arduratsu nahi dugu Ikastolako kideengan.

NOLA EGITEN DUGU

Zurriola Ikastolak marko pedagogiko eta hautu metodologiko bat osatu nahi du aurreko ataletan aipatutako xedeak lortu ahal izateko. Zurriolako Ikaslearen Irteera Profila (ZIIP) da egitasmo pedagogikoaren Ardatza.

Hori dela eta, ikastolak azkenaldian abiatu duen prozesu pedagogikoa (praktiko zein teorikoa) eta bere baitan garatzen ari den markoa, Ardatz horren inguruan dago egituratuta.

Hiru zutabe nagusitan bermatzen da aipatutako egitasmo pedagogikoa: Ikastola Eredua, Marko Teorikoa eta Metodologia.

Ikastola Eredua Hezkuntza Markoa: “Konpetentzietan Oinarritutako Hezkuntzaren ikuspegitik Euskal Curriculumaren garapena gauzatzea, etapa eta arlo guztientzat marko komunean oinarrituz”. Hau da, oinarrizko Konpetentzien garapena sustatu hezkuntzaren xedeen (2) lorpena bideratzeko.

konpetentzien garapena

Marko Teorikoa: Ikaskuntzaren printzipio psiko-pedagogikoak:

  • Ikaskuntzaren ikuspegi sozio-eraikitzailea, hainbat adituen ekarpenak bere baitan bilduz:
    auto erregulazioa
  • Integrazioaren pedagogia: Lankidetza eta Ikaskuntza Kooperatiboa ardatz hartuta, kideen arteko interdependentzia positiboa lantzen dugu eta, aldi berean, besteekin ondo erlazionatzeko trebetasuna ikasiz, norbere ideiak, emozioak, desadostasunak adierazten ikasten dugu, besteenak entzunez, eta desberdintasunak errespetatuz, besteen ekarpenak aberasten eta nork bere baitan duen onena ematen.
  • Psikologia humanista: Pertsonaren banakotasuna eta Pertsonaren ezagutzeko eta garatzeko ahalmena.
  • Psikologia kognitiboa: Emozioa-Arreta-Pertzepzioa-Memoria lotura ezagutuz.
  • Neurozientziak ikas-irakaskuntzaren mesedetan (emozioak eta inkontzientea ikaskuntzaren lagungarri gisa erabili, garunaren plastizitatea ustiatu).

Metodologia

  • Ikaslearen rola eta heldu/hezitzaile/irakaslearen rolaren berregokitzea, etapaz etapa.
  • Ebaluazio hezigarria.
  • Espazioa eta denbora bitarteko pedagogiko gisa ulertzea.
  • Adimen aniztasuna aintzat hartzen duen planifikazio eta praxia. Aniztasunarekikoerantzunespezifikoaetaintegratzailea,aldiberean. Hau da, eskola inklusibo gisa definitzen dugu Ikastola.
  • Metodologia aktiboa: Esperimentazioan, hausnarketan, manipulazioan, kooperazioan eta komunikazioan oinarritutakoa.

Egin nahi duguna eta egiten ari garenaren nolakotasuna baldintzatuta dago, noski, Zurriola Ikastolak dituen baliabideen arabera, hezkuntza etapa bakoitzak dituen ezaugarrien baitan eta uneoro testuinguruak jartzen dizkigun mugen eta aukeren arabera.

Arestian adierazi dugun bezala, beraz, Zurriola Ikastola Irakaskuntza Kooperatiba Elkartearen xedea baldintza hauek egonkortzea da. Kudeaketa pedagogikoaren ardura duten pertsonen lana izango da, ezarritako helburu hauek era kontsentsuatu eta koherentean garatzeko testuingurua bultzatu eta proposatzea. Hartara, hausnarketa pedagogiko iraunkorraren bidez eta formakuntzaren bidez, hezitzaile/helduaren begirada eta profilak gero eta hurbilago izango dira Zurriolako Ikaslearen Irteera Profilarekiko.

EZAUGARRIAK

Aurreko ataletan zirriborratutako hiru galderen erantzunek Zurriola Ikastola ezaugarritzen dute.

Zurriola ikastola…

  • Donostiako hezkuntza kooperatiba euskalduna da,
  • Euskal Kulturaren transmisore eta sustatzailea da,
  • Hezkuntzaren bidez gizartea hobetu eta eraldatu nahi duen hezkuntza erakunde arduratsua da,
  • Heziketa integrala, inklusibo, integratzaile, hezkidetzan oinarritua eta akonfesionala xedetzat duen hezkuntza proiektu kooperatiboa da,
  • Adimenak askotarikoak izan daitezkeela sinesten duen curriculuma duen Ikastola da, ikaslearen alderdi afektibo, psikomotore eta kognitiboa era orokor, arduratsu eta begirunezko batean biltzen dituena.
  • Hobekuntza pedagogiko iraunkorrean sinesten duen hezkuntza erakundea da, bere jarduna, bilakaera, metodologia eta ikuspegia etengabeko eraldatze eta hausnarketari bide ematen diena.

ETAPAZ ETAPAKO EZAUGARRIAK

HAUR HEZKUNTZA

Haurraren eta etorkizunean izango den helduaren bizitza, hein handi batean, haurtzaroan izandako esperientzien araberakoa izango da. Honela, familiekin lankidetzan, haurraren garapen osoa bideratzea da hezkuntzaren lehen etapa honen xede nagusia. Azken honen lorpenerako ezinbestekoa da haurra bere iniziatibaz sortutako ekintzan aritzea.

Haurraren garapen osoaren ikuspegitik, haurra ulertzeko gure oinarrizko printzipioak dira ondorengoak (4):

  • Errespetua haurraren izate osoari. Haurra bizitzaren lehenengo unetik pertsona aktiboa, bizia, sentikorra eta harbera da. Haur bakoitzak bere garapen-erritmoa dauka.
  • Konfiantza haurraren berezko garapen-ahalmenean, bere jarduera autonomoa ahalbidetu eta errespetatuz, prozesuak ez aurreratuz eta haurra bere bizitzako protagonista dela onartuz.
  • Haurraren ziurtasun fisikoa eta emozionala bermatu behar dugu, mugimendu eta ekintza autonomo librean garatzeko behar dituen baldintzak eskainiz eta bere beharrekiko sentikortasuna adieraziz.

Hau guztia honela izanik, hezitzaileak haurraren ondoan egon behar du, bere bidelagun izan. Helduak haurrari segurtasuna eman behar dio, besteak beste, muga eta arauak argi utziz. Honela, egiten dituen behaketetan oinarrituz testuinguruak sortu behar ditu haurrak era autonomoan esploratzeko, esperimentatzeko eta jolasean aritzeko.

LEHEN HEZKUNTZA

Etapa honetako haurraren garapen kognitiboa eta emozionala egoki eman dadin, ezinbestekoa dugu adin honetako (6-12) haurraren ezaugarriak kontuan hartzea, lortu nahi diren helburuak garbi izatea, helduaren paperak zein izan behar duen definitzea eta hori guztia bilduko duen metodologia zehaztea.

Adin honetako haurraren ezaugarri nagusiak hauek dira:

  • Pentsamendu logikoa garatzen du pentsamendu abstraktura pasa aurretik.
  • Deszentralizazio afektiboa ematen da eta norberaren identitatea indartzen da, baita taldeak garrantzia hartu ere.
  • Harreman-indartze eta sozializazioa garatzen da.
  • Autonomia garatzen jarraitzen du.
  • Garapen morala ematen da eta norberaren jokabide kodea garatzen da.
  • Ikasketa prozesua testuinguru esanguratsuetan ematen da, pentsamendu erreflexiboa landuz, eta ikasketa teknikak garatuz.

Ikasleak etapa honetan lortu beharreko helburuak honez gero aipatutako Ikaslearen Irteera Profilarekin erabat lotuta daude. Garrantzia berezia hartzen dute ikasle euskaldunak, autonomoak, arduratsuak, ekintzaileak, kooperatiboak, komunikatzaile eraginkorrak, eta bereziki, norberarekiko eta besteekiko errespetuzko jarrerak dituen ikasleak bilakatzea bideratzen dituzten helburuek.

Hori guztia lortzeko, helduaren papera izango da haurraren bidelagun izatea adinaren araberako beharrak kontuan hartuta eta bere egoera pertsonalari arreta jarriz. Ikaslearen auto-irudia eta auto-estimua indartzeko, irakasleak konfiantza eta segurtasuna emango dio, beti ere, arauak eta mugen testuinguruan eta, komunikazio eraginkorra erabiliz, norberaren ekintzen ondorioen ardura sustatuz. Aldi berean, emozioen eta frustrazioaren kudeaketa landuko du, eta ebaluazio hezigarria oinarri izanik, ikaslea bere ikasketa-prozesuaren jabe bihurtuko du.

Azkenik, hau guztia aurrera eramateko, ikasketa prozesua modu eraginkorrenean bideratuko duen hautu metodologikoa egingo da ondorengo elementuak kontuan hartuz: aniztasuna aintzat hartu eta araberako trataera eskaintzea, egunaren antolaketan ikasketa-inguru desberdinak eskaintzea (zuzenduak eta autonomoak, taldeka edo bakarka, era kooperatiboan, esperimentazioan eta manipulazioan oinarrituz, proiektuak eta tailerrak uztartuz), garatu beharreko konpetentzia guztien lanketa bideratzea, elkarrizketa eta debate erreflexiboen eraginkortasuna aintzat hartzea, erreferentziako taldearen garrantzia mantentzea eta, aldi berean talde nahasketen onurak probestea.

DERRIGORREZKO BIGARREN HEZKUNTZA

Ikaslea, nerabezaroan sartzen da bete-betean etapa honetan. Pertsonaren izanaren eraikuntzan garrantzi handiko etapan, hain zuzen ere. Sasoi honetan garrantzi berezia izango dute garapen biologiko, psikologiko, sozial eta sexualak.

Gorputza asko aldatuko da eta maila fisiologikoan ere eraldaketa sakonak gertatuko dira: pertsona heldu baten gorputza duen haurra. Desoreka handia emango da, beraz, diruditenaren eta direnaren artean.

Ikaslea heldu izateko prozesuan ari da eta gizartean bere tokia bilatzeko identitate berria bilatzen dihardu.

Intelektualki ere aldaketa garaia da; arrazonamendu eta pentsamendu formalaren eta abstraktuaren hastapenetan baitago ikaslea. Teoriak sendotzen hasten da nerabea, argudiatzeko eta analisirako gaitasunak bereganatu ditu eta balioen eskalak egingo ditu. Egindako akats eta landu beharrekoen kontzientzia izango du ikasleak eta hauek identifikatuz egingo du aurrera bere ikaskuntza prozesuan.

Testuinguru honetan, etapa honen helburua, ikasleak, jasotako edukiak eta analisirako gaitasuna lantzea eta garatzea dira. Jakintza berrietan eskarmentua hartu, trebatu, eta egoera konplexu berri horiek ebatzi ahal izateko ikasitakoa erabili, mobilizatu, era integratuan. EKI proiektuak halaxe definitzen du Integrazioaren Pedagogia.(5)

Irakasleak tresnak emango dizkio egoera berri horiek ebazteko eta baliabide desberdinak eskainiko dizkio bere ibilbidean aurrera egin ahal izateko.

BATXILERGOA

Kanpo-ebaluazioek (USE), prestakuntza etapa baten amaiera izateak eskatutako maila egiaztapenek, eta neurri handi batean irteera profilaren gertutasunak baldintzatzen du etapa hau. Hala ere, bakarka zein taldeka, etapa honetan ere ikaslea modu aktiboan aritzea da gure helburua.

Prozesu autonomoak ugaltzea, egoera errealekiko erronkak ebaztea, kolaborazioa eta kooperazioa sustatzea eta IKTak tresna arrunta bilakatzea dira gure xedea.

Hau da, beste etapetan bezala, Batxilergoan ere metodologia aktiboak erabilita gazte konpetente, kooperatibo, sortzaile eta autonomoak nahi ditugu.

Modu berean, era arduratsuan lan egin eta komunikatzeko gaitasuna duen euskal hiztun eleanitz gisa ikusten ditugu Batxilergoko ikasleak.(6)

LANBIDE HEZIKETA

Zurriola ikastolaren konpromisoa da lan munduarekin zuzen-zuzeneko harremana duen etapa honetan, erronka eta proiektu errealen bitartez (7), gizarte eta kirol animazioaren irakaskuntza alorrean erreferenteak izatea.

Ikaskuntza praktikoaren bidez, mundu laboralerako langile euskaldun trebatu eta ekintzaile konpetenteak heztea da gure xedea.


(1) 2017-2018 ikasturtean irakasle klaustroak eta gurasoek landu eta adostutakoa.

(2) Ikastolen Eredua. Hezkuntzaren xedeak. 2017ko ekaina.

  • Ikasleak euskara, euskal kulturaren eta kultura unibertsalaren oinarrizko elementuak eskuratzeko prozeduretan alfabetatzea eta jakintza horiek modu kontziente eta integratuan erabiltzea, bizitzaren eremu guztietako egoerak eta problemak konpontzeko.
  • Ikaslearen garapen integrala bideratzea, maila guztietan: garapen fisikoa, kognitiboa, komunikatiboa, soziala, kulturala, morala, estetikoa eta afektiboa nahiz emozionala.
  • Ikaslea helduarorako prestatzea, oinarri sendoak emanez bizitza osoan zehar ikasten jarraitzeko eta gai izan dadin norberaren bizitza zentzuz bideratzeko, norberaren aukeren ardura hartzeko eta gizartean integratzeko, modu aktibo, kritiko eta arduratsuan.
  • Ikaslea bermez prestatzea hurrengo ikasketak egiteko edota lan munduan sartzeko.

(**) “Delors Txostena”. UNESCO. 1996 eta “Oinarrizko konpetentziak”. Eurydice. Europar Batzordea. “DESECO Txostena” 2002. “Oinarrizko Gaitasunak”. Eusko Jaurlaritza. 2007.

(3) 2016ko abendua. Haur Hezkuntzako xedea. Zurriola Ikastola.

(4) “hIZAN” HHrako marko pedagogiko berria. Ikastolen Elkartea. 2016.

(5) EKI proiektua. Ikastolen Elkartea. Zurriolak Ikastolan 2013. urtean inplementatu zuen.

(6) 2017. urtean sartu zen Zurriola EHIko “Batxi Elkargunea” mintegian, etapa honen eraldaketaren parte izateko.

(7) 2019/20 ikasturtean abiatu dugu ETHAZI, Etekin Handiko Zikloak Ikaskuntza eredua.