Proiektuak eta jarduera osagarriak

EKI PROIEKTUA

Euskal Curriculumaren garapenerako jaio den lehen ikasmateriala da EKI, 2013-2014 ikasturtean DBH 1. Mailan abiatu zena eta 2016-2017 ikasturtean DBH4. mailara iritsi zena.

Curriculum horrek agintzen duen moduan, konpetentzietan oinarritutako ikasmateriala darabil metodologia berriak. Gainera, integrazioaren pedagogia bultzatzen du, hau da, ikasleak benetako egoera esanguratsuen aurrean jartzen ditu eta irtenbideak aurkitzen ikasten dute, gelan ikasitakoa gero egoera berrietan baliatzeko. Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak: pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.

EKIk honako ezaugarriak ditu:

  • Konpetentziak landuz ikasi eta irakasten da. Bizitzako egoera eta eremu guztietan (pertsonala, soziala, akademikoa, lanekoa) eraginkortasunez jarduteko prestatzea da helburua.
  • Euskal kultur ibilbidean eta curriculum ofizialetan oinarritzen dira. Ezagutzak (kontzeptuzkoak, prozedurazkoak) euskarri dira, ikastea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa.
  • Ikasgai guztietan prozedura bateratua da. Modu koordinatuan burutzen dira unitate didaktikoak sei ikasgai nagusietan.
  • Euskara ardatz duen hizkuntzen planteamendu integratua egiten da, ikasgai guztietatik heltzen zaio konpetentzia linguistikoari.
  • Informazio eta komunikazio teknologia berriak erabiltzen ditu, ikasgai guztietan.

 

ELEANITZ ENGLISH 

Eleanitz proiektuaren xedea euskara ardaztzat duen eleaniztasuna egitasmo uztartua eta orekatua garatzea da. Euskararen nagusitasuna eta euskararekiko konpromisoa ikastolaren funtsa izanik, gizartean hizkuntza egoeraz eta beharrez jabetuta egiten dugu Eleanitz English planteamendua.

Berezitasuna atzerriko lehen hizkuntzaren (ingelesaren) irakaskuntza goiztiarrean eta bigarren hezkuntzan ikasgai batzuk ingelesez lantzean datza. Atzerriko bigarren hizkuntza (frantsesa) irakasten Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren 2. mailan hasten gara.

Zurriola Ikastolan egiten dugun irakaskuntza ele-askotarikoaren planteamendua honako hau da:

Helburuak:

Planteamendu orokor honekin lortu nahi diren helburuak honakoak dira:

Euskarari eta gaztelaniari dagokienez, legez ezarrita daudenak lortzea. Hau da, “ikasle guztiei, baldintza beretan, derrigorrezko hezkuntzaren bukaerarako bi hizkuntza ofizialen ezaupide praktikoa bermatzea eta euskararen erabilera eta normalizazioa indartzea”

Atzerriko lehen hizkuntzari, hau da, ingelesari dagokionez, ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzean (16 urte) lortuak izan beharko dituzte atzerriko hizkuntzei buruz Dekrektuak etapa horretarako arautzen dituen ulermen, ekoizpen, irakurketa, idazketa, hizkuntz gogoeta, jarrera, eta abarretarako hizkuntz gaitasunak lortzea. Eta  gutxieneko eduki horiez gainera, ondoko hauek:

a)      Ikasleak gai izan bitez ahoz eta idatziz harremanak ingelesez izateko elkarren arteko komunikazio arrunt batean.

b)      Erabil bezate ingelesa transmisio-hizkuntza bezala aldez aurretik seinalatutako eskola-gaiak jorratzeko.

c)       Gai izan bitez ingeles hizkuntzari buruzko analisi gramatikalak egiteko, halaber hizkuntza honek beste hizkuntzekiko dituen erlazio eta interferentziak aztertzeko.

d)      Esperientzia hori jarraitu ez dutenek bezain ongi mendera bitzate euskara eta gaztelania eta adimen garapen bera lor bezate.            

Atzerriko bigarren hizkuntzari dagokionez, hau da, frantsesari, hizkuntza horren lehen hurbilketa egitea da helburua.

Ikasmaterialak 

Ikasmaterialak dira proiektuaren muina eta bihotza. Materialetan islatzen dira hizkuntzen irakaskuntzari buruzko ikusmolde teoriko-metodologikoak eta helburuak lortzeko aukeratzen diren edukiak eta jarduerak. Materialetan oinarrituz egiten da gelako eguneroko lana, hots, bideratzen da irakaslearen praktika eta ikasleen ikaskuntza prozesua eta ebaluazioa.  

Irakasleen prestakuntza

Materialen planteamendu teoriko-metodologikoan eta horien aplikazioan eta hobekuntzan oinarrituz egiten da  irakasleen prestakuntza. Eta esfortzu berezia egiten dugu prestakuntza hori bermatzen.

Gure ikastolako irakasleen praktika eredu da material hau ezagutzera datozen beste sare eta herrialdeetako irakaskuntzako profesionalentzat.

 

AUKERAKORTASUN ESPAZIOA DBHn

DBHko ikasleen premia, interes eta igurikapen anitzei erantzun ahal izateko eskaintzen diren neurrien artean hautazko gaiak ditugu. Aniztasunari erantzuteko ikasle guztiei zuzendutako baliabidea da, curriculum komunaren osagarria eta konpetentzien garapena lortzera bideratua.

Zurriola Ikastolan egiten dugun eskaintzaren bidez ondorengo helburuak lortu nahi ditugu:

  • Ikasleen premia eta interesei erantzutea.
  • Gaitasun ororen garapenean laguntzea: adinez nagusia denerako prestatzea, aisialdia antolatzeko aukera barne.
  • Ondorengo ikasketetarako edo lanerako aukerak erraztea (Batxilergoa edo Lanbide Heziketa).

DBHn ESKAINTZEN DIREN HAUTAZKO ARLOAK

NOLA AUKERATZEN DA?

Lehen fasean familiek ikasgai horien inguruan behin-behineko galdeketa bat erantzuten dute, lehentasuna adieraziz.

Bigarrenean,  iritziak jasotakoan, mailako ikasle gehienek aukeratutako arloekin hautazko gaien behin-betiko eskaintza osatzen du zuzendaritza taldeak. Izan ere, hiru talde sortu ahal izango dira gehienez, beti ere ikasle kopuru minimo bat ziurtatuz (15 ikaslekoa). Gerta daiteke lehen aukera bezala hartutako arloa egiteko aukerarik ez izatea.

Hurrengo ikasturterako eskaintza ezagutzerakoan, eskaera formalizatzen dute familiek, maiatza aldera.

Azkenik, ekainean, (urtero adieraziko da data) egindako aukera aldatu nahi dutenek idatziz adieraziko diote tutoreari eta zuzendaritza taldeak aztertuko du talde berrian sartzeko aukera dagoen ala ez.