Zer da eskola kirola

Zeinek sustatzen du eskola kirola ?

Gipuzkoako Foru Aldundiak jartzen du martxan urtero, Gipuzkoako ikastetxe, udal, Kirol Federazio eta Klubekin elkarlanean, Eskola Kirola Jardueren Programa, 6 urtetik 16ra bitarteko ikasleei zuzendua.

Eskola kirola programaren bitartez, Gipuzkoako ikasle guztiak kirola egiten hastea lortu nahi da. Kirol prestakuntza epe luzeko prozesu gisa lantzen da, kirol lehiari zer egin garrantzitsua emanez prestakuntza prozesu horren baitan eta, gainera, ikasle guztiei kirola anitz probatzeko aukera eskainiz.

Programaren edukia

Eskola Kirola programa 4 jarduera motatan egituratua egoten da :

Guzti guztientzat

  • Sustapen jarduerak
    • 6 eta 16 urte bitarteko ikasle guztiei zuzendutako jarduerak dira, eta kirol modalitate ezberdinetan hasteko nahiz hobetzeko ikastaroak izaten dira.
  • Lehiaketa hezitzaile eta jolasgarriak :
    • Ikasleek 8 urte dituztenean hasten dira, benjaminetan alegia, eta amaitu 16 urte egiten dituztenean, kadete izateari uzten diotenean.

Errendimendurako gaitasuna dutenentzat

  • Teknifikazio jarduerak
    • 11 urtetik aurrera hasten dira, umeak alebinetako 2. urtean daudenean, kirol mota desberdinak ezagutu eta probatu dituztenean eta kirol teknikariek errendimendurako ezaugarriak ikusten dizkietenean.
  • Errendimenduan hasteko lehiaketa :
    • Banakako kirol batzuetan 11-12 urterekin hasten dira (alebin kategoriako 2. urtean), eta taldekako kirol batzuetan 12-13 urterekin (infaltiletan).

Programaren ezaugarriak

     1- Umeek kirol anitzetan hasteko eta kirol modalitate desberdinak ezagutzeko aukera dute, geroago (infantiletatik aurrera) espezializatu ahal izan daitezen.

     2- Adinean aurrera egin ahala kirol jardunaldi gehiagoko lehiaketa programak jartzen zaizkie umeei.

     3- Hastapenetan, joko-arau egokituak dituzte umeek. Esate baterako, taldekako kirol batzuetan jokalekuaren neurriak, baloien tamaina eta pisua, taldekideen kopurua eta abar kirolarien adinera moldatuta daude, eta jokalari guztiek jokatu behar dute gutxienezko denbora bat. Edo, banakako kirol batzuetan, korri egin beharreko distantziak, jaurtigaien pisua eta tamaina eta abar ere moldatuta egoten dira.

Kirola + Giza baloreak = Eskola kirola

  • Norberaren nortasuna errespetatzen duen eredua nahi dugu landu, ikasleei lehiaketaren zama gaineratu gabe.
  • Balore garrantzitsu batzuk sustatu nahiditugu: talde jokoa, adiskidetasuna, joko garbia, aurkariarenganako errespetua…
  • Umearen heldutasun-prozesua sendotzen duen kirola nahi dugu, umearen gaitasunak aurkitzen eta garatzen lagunduko duena.
  • Umeei jarduera fisiko eta kirol anitz daudela agertuko dien eta guztiak baloratzen erakutsiko dien eredua nahi dugu.
  • Kirol modalitate desberdinak ezagutu eta probatu ondoren, gaztetxoak bere gogoko modalitatea askatasun osoz aukeratzea nahi dugu.
  • Umeak lehiaketaren bidean eta giroan poliki-poliki sartzea nahi dugu.
  • Kirol hezitzaile gero eta prestatuagoak eduki nahi ditugu, ezagupen teknikoetan ondo trebatuak (kirol teknikak,euskara, pedagogia…)
  • Eskola kirola programan gero eta ikastetxe gehiago eduki nahi ditugu, ahal den partaide kopuru handienera iristeko. Gaur egun 35.000 kirolari eta gehiago ari dira eskola kirolean parte hartzen.
  • Beraz, baloreak lantzen dituen kirol eredu bat nahi dugu, kirolak ere hezi egiten duela uste dugulako.

Guraso, senitarteko eta ikusleei.

     1. Eskolako kirolariek ez dute jokatzen ikusleak entretenitzeko, ez eta irabazle geratzeko. Jokatu baino, jolastu egiten dira : dibertitzeko eta kirolaren bidez ere pertsona gisa hezten jarraitzeko. Gogoratu beti !!

     2. Ez egin errietan huts egin duelako. Ikasten ari dira. Izatekotan , gauza positiboak esan, animatu. Horrela bai motibatuko direla !!

     3. Kirolaz asko badakizu ere, ez saiatu “telegidatzen”, denbora guztian zer egin behar duten esaten. Utzi libre izaten, utzi kirolaz gozatzen eta erabakiak hartzen !!

     4. Partida edo saioa amaitu denean, baloratu benetan garrantzitsua dena : hobekuntza pertsonala eta kolektiboa. Ez begiratu emaitzari