Ikasturte berri on!

Asteartean abiatu zuten 20/21 ikasturtea HH, LH eta DBH1-2ko ikasleek, eta datorren astean hasiko dira DBH3-4 eta Batxilergoko ikasleak ere. Ikasturte berezia izango da aurtengoa; osasun-egoera larriaren kudeaketari gehitzen zaizkio Hezkuntza Sailaren aldetik jasotako laguntza eskasa, baliabide gehigarrien falta, eta arduraren lagapen osoa Zuzendaritza Taldearen gain utzi izana.
Hala eta guztiz ere, Zurriola Ikastolako ikasle, familia eta langilegoaren laguntzaz, ikasturtea martxan jartzea lortu dugu egoerak eskatzen zuen ardurari erantzunez. Ikasleak berehala egokitu dira segurtasun-neurri berrietara, eta guztion artean normaltasun berrira moldatzen ari gara.
Joan zen astean eman genizuen orain arte arte egindako aldaketa eta egokitzapenen berri. Aste honetan ere hainbat berregokitzapen txiki eman dira eta, zuen iradokizunak ere kontuan hartuta, hemendik aurrera beharrezkoak diren aldaketak egiten jarraituko dugu. Horien berri ematen joango gara.