Datozen asteak Bigarren Hezkuntzan: Erabakia

Zuzendaritza pedagogikoak proposatuta eta azken bolada honetan gai honen inguruan dagoen albiste kontrajarrien zurrunbiloa behin betikoz argitu nahiean, atzo bertan Ikastolako Artezkaritza Kontseiluak honako erabaki hau hartu zuen Bigarren Hezkuntzako balizko itzulerari dagokionez:

  • Maiatzaren 25ean Zurriolak ez du berraktibatuko ikas-irakaskuntza presentziala.
  • Ekainaren 15etik aurrera, USEra begira, Batxilergoko 2. mailako ikasleentzako errefortzu eta errepasaketa saio presentzial borondatezkoak antolatu ahal izateko egitasmoa abiatuko da.
  • Ekainaren 15etik aurrerako saio presentzial horiek gauzatu ahal izateko beharrezko prebentzio eta segurtasun bermeak aktibatuko ditu ikastolak, Prebentzio Batzordearen gidaritzapean.
  • Detekta daitezkeen bestelako errefortzu beharrak era telematikoan garatzen jarraituko dugu, bai ikasturte amaierara begira baita irailean hasi beharreko ikasturteari begira.

Erabaki hau honako oinarri hauen markoan hartu da:

  • Edozein neurri eta erabaki hartu ahal izateko bizi dugun ziurgabetasun legalaren testuingurua.
  • Hezkuntza Sailak agertutako irizpide aldakortasuna.
  • Hezkuntza Ikuskaritzan dagoen (lerro hauek idazteko garaian)  irizpide eta jardunbide falta nabarmena.
  • Ikastolen Elkartearen ikasturte amaiera ez-presentzialaren aldeko hobespena eta  gaurdanik irailera begira hasi beharraren konpromisoa (bai segurtasun/prebentzio mailan baita metodologia eta antolaketa mailan ere).
  • Eta, batez ere, metodologia, antolaketa eta ebaluazioari begira Zurriola Ikastolak dagoeneko antolatua duen sistematika ez-presentziala  orain aldatzeak suposatzen duen inkoherentzia pedagogiko handia (segurtasun eta prebentzio mailan holako ezarpen presentzialak sortzen dituen zalantza ikaragarriez gain).