HH - PROIEKTUAK

INGELESA HAUR HEZKUNTZAN

Haur hezkuntzako etapan gure helburua haurrarengan ingelesarekiko interesa piztea da, honekin harreman positibo bat eraikitzea, betiere modu ludiko eta atsegin batez. Astean zehar hurrengo aukerak izango dituzte HH4 eta HH5eko haurrek honetarako:

  • Lanketa intentsiboa ingeles gelan. Artigal-en “Ready for a Story” metodoa erabiltzen dugu, Eleanitz proiektuaren lehen zikloan lantzen da (4 eta 5 urteko haurrekin). Istorioetan oinarritzen da, eta hasieran istorioak antzezpen kolektiboen bidez kontatzen dira. Emozioz jositako ipuinak dira, eta haurrak ez dira ikusleak, aktoreak baizik, pertsonaiek esaten duten guztia errepikatzen duten aktoreak.Ikasturtean zehar ipuinak modu honetan landuko ditugu astean zehar ingeleseko gelan egingo ditugun bi saioetan.
  • Lanketa estentsiboa ingeles gelatik at. Astean behin, arratsaldez, irakaslea haurraren geletara joango da, bere eguneroko dinamikan ingelesa txertatzeko eta hizkuntza berriarekin familiarizatzeko. Saio horietan proposamen desberdinak egingo dira: jolasak, abestiak, ipuinak, eskulanak, edota beraien jolasean murgiltzea.

BASOESKOLA PROIEKTUA

Aurtengo ikasturtean proiektu berri bati ekin diogu: Basoeskola proiektua. Honetan bidelagun izango ditugu Ekogunea fundazioko hezitzaileak. Proiektu hau momentuz haur hezkuntzako adineko haurrekin aurrera eramateko pentsatua dago. Naturarekin kontaktuan egotea onuragarria da guztiontzat eta beharrezkoa, batez ere adin hauetan.

Proiektuak oinarri sendoak dauzka, herrialde desberdinetan martxan daukate aspalditik eta ikerketa desberdinetan ondorioztatu da haurren ongizatea nabarmenki hobera egiten duela naturarekin kontaktu zuzen eta jarraia duenean.

Gure inguruan, eta Ekogunea fundazioaren eskutik, bi urte daramatzate basoeskola proiektuarekin gure inguruko hainbat ikastetxeetan. Esperientzia honetatik lortutako emaitzak ere oso baikorrak dira. Informazio gehiago eskuratzeko beren web orrialdea ere kontsulta dezakezue.