Haur Hezkuntza (2-6 urte)

 

Gure ikastolan haurrek beren ibilbidearen lehenengo urratsak Villa Soroako egoitzan egiten dituzte. Bertan, 2 urteko haurrak hasiko dira eta Haur Hezkuntzako etapa burutuko dute. Garrantzia handia ematen diogu haurrari ikastolan egiten diogun ongietorriari eta baldintzak zaintzen ditugu, haurrak ikastolarekiko eta berau osatzen dugun komunitatearekiko konfiantza garatu dezan. Azken honek bermatuko baitu haurra seguru sentitzea, etxean bezala, eta hau ezinbestekoa da bere ikasketa prozesurako eta garapen osorako.

Haurraren mundura gerturatzen eta hau errespetatzen saiatzen gara eta jakin badakigu haurra jolasaren bidez ezagutzen duela bere ingurua eta irekitzen dela mundura. Hau honela, gure espazioetako proposamenak jolasa du ardatz. Ekintzan oinarritutako ikaskuntzari ematen diogu garrantzia eta sortuko zaizkion erronka berriei aurre eginez era esanguratsuan ikasiko du.  Haurrak bere interesetatik ikasten baitu, horrek pizten du bere barne-motibazioa, eta beraz hezitzaileak adi egoten gara gure proposamenean beharrezkoak diren aldaketak egiteko. Hautatzeko aukerak ematen dizkiegu haurrei, autonomiaz jokatzeko, honetarako espazioetan mugitzeko eta adin desberdinetako haurrekin harremantzeko aukerak zabalduz.

Guretzako oso garrantzitsua da haurrak bere buruarengan konfiantza izatea eta horretarako ikastolako helduok haurraren berezko garapen gaitasunean sinesten dugu. Halaber, haur bakoitzaren izate osoari eta garapen erritmo desberdinei errespetua diogu eta honetan bere bidelagun gara, prozesuak aurreratu gabe. Haurra bere garapen prozesuaren protagonista da.

Guztion helburu nagusia haurraren ongizatea da eta horregatik gure heziketa lanarekin konprometituta gaude. Ikastolen elkarteko hainbat ikastola bezala, gu ere hausnarketa pedagogiko sakon batean murgilduta gaude, ikastolako gure proposamena etengabe aztertuz eta egin beharreko hobekuntzak eginez. Hau guztia ez da Haur Hezkuntzara soilik mugatzen eta Lehen Hezkuntzan ere hasiak gara berrikuntza pedagogikoan. LHrako diseinatzen ari garen eraikin berriak HH etaparako aipatu berri ditugun oinarriztapen pedagogiko hauekin bat egin nahi du, Ikastolako etapa guztien arteko koherentzia bermatu ahal izateko.

ATE IREKIAK     BANAKAKO ELKARRIZKETAK 

HEZKUNTZA EREMU IREKIAN                                IRAKASLE TALDEA                                      EGUTEGIA