Kilometroak - Lekaixoka! 2017

Kaixo lagunok,

Ikasturte berriaren atarian gaude eta aurten, inoiz baino lehenago, Kilometroak ospatuko dugu Oñatin. Gutun honen bitartez, zuengana zuzentzen gara aurtengo jaiaren inguruko hainbat informazio garrantzitsu helarazteko asmoz. Auzolanean dihardugu aurtengo jaia antolatzen eta zuei ere auzolanaren lekaixoa helarazi nahi dizuegu informazio guzti hau zuen ikastolako hezkuntza komunitatean zabaltzen laguntzeko.

Aipatu bezala aurtengo Kilometroak, historian lehendabizikoz, irailean ospatuko da. Irailak 24an izango dugu hitzordua Oñatin. 28 urte geroago jasoko dugu txantxikuarrok Gipuzkoako Ikastolen jaia eta prestakizunetan erabat murgilduta gaude. Gure herriaren kokapena dala eta, trafiko plan berezi bat garatu dugu egun berezi honetarako eta antolakuntzatik zabaldu nahi dugun gomendioa trenaren erabilpena ekiditea da. Egun berezi honetan Oñatira iristeko modurik erosoena autobusez edo kotxez gerturatzea izango da. Horrela bada, zuen ikastola edo herritik autobusak antolatzera animatu nahi zaituztegu, izan ere autobusak izango dira zirkuituko sarreraraino iristeko modu bakarrenetarikoa.

Bestalde, aurtengoan ere azken urteetan burututako ERRONKA bideo lehiaketa eta KLIKMETROAK ekimenak martxan ditugula jakinarazi nahi dizuegu. Aurtengo Erronkan 17 ikastola arituko dira elkarrekin lehian eta azkeneko urteetan bezala, partaide guztiek beraien aurkezpen  bideoa egin dute. Bideo guztiak ikusgai daude hurrengo webgunean https://erronka-kilometroak.joveninhastalos30.com/ eta gaurtik aurrera botoa emateko aukera egongo da. Gogoratu, boto gehien jasotzen duen ikastolak, publikoaren saria eramango duela.

Azkenik aipatu, zazpigarren urtez jarraian KLIKMETROAK ekimena martxan dagoela http://klikmetroak.kilometroak.eus/ webgunean. Jakingo duzuen bezala, ekimen honen helburua zirkuitu birtualari bira osoa  ematea da. Bira hori emateko Euskara eta Kilometroak-en aldeko mezuak idatzi behar dira. Idazten den mezu bakoitza denda edo elkarteren batek babestuko du, jaiaren aldeko ekarpen ekonomikoa eginez.

Informazio guzti hau lekaixoka, lau haizetara, zuen ikasle, irakasle, langile eta gurasoen artean zabaltzea eskertuko genizueke. Eta nola ez! Doala gutun honekin batera IRAILAREN 24an OÑATIN Euskara eta Ikastolen alde elkarrekin lekaixoka aritzeko gonbidapena.

Bitartean jaso ezazue agur bero bat.