Orain arteko historia laburra

ZURRIOLA IKASTOLAREN SORRERA

Gaur egungo Gros auzoko Zurriola ikastolaren ernamuina 1966an Kontxita Beitia andereñoak bere etxebizitzan 10 neska-mutilekin hasitako bidean jarri behar da. Garai hartako gurasoek aurrera egin beharra ikusten zutela eta, 1968an “Sociedad Cultural Zurriola” izeneko elkartea eratu zuten, horrek eskola bat zabaltzeko eskubidea ematen baitzuen. Baina eraikuntza baten titularitatea bideratzeko aukerarik ematen ez zuenez, babes erlijiosoaren bila jo behar izan zuten, eta San Inazio elizako erretorearen esku-hartzeari esker, auzoko parrokiaren izenean eskola irekitzeko baimena lortu zuten. 1968ko urriaren 8an, “Escuela Parroquial de San Ignacio” izenarekin jarri zen abian ikastola, hiru andereñorekin eta alokairuan hartutako Ramon Maria Lili kaleko 8. zenbakian. Hiru urte eman zituzten han. Bitartean, 1969-70 ikasturtean gauzatu zen ikastolaren legalizazioa.

BARANDIARAN LIZEOAREN SORRERA

1970-71 ikasturtean Villa Sakramentoko lekaimeek egoitzaren zati bat alokatu zioten Zurriola Ikastolari eta, horri esker, ikasleek O.H.O.ko lehen zikloa bete arte (5. maila) ikastolan bertan kurtsatzeko aukera izan zuten. Hortik aurrerako ikasketak eskaini ahal izateko, bost ikastoletako guraso ordezkariek Barandiaran Lizeoa sortzea erabaki zuten —Arantzazuko Ama (Martutene), Ikasbide (Amara), Jakintza (Antigua), Orixe (Alde Zaharra) eta Zurriola (Gros)—, horretarako egoitza Ibaetan eraikiz. Horrela, 1974- 75 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea Barandiaran Lizeoak, O.H.O.ko 6. mailako bi ikasgelekin. Egitura juridikoari dagokionez, Barandiaran Lizeoa elkarte anonimo modura egituratu zen.

80-90 HAMARKADAK

1980ko irailaren 22an, Zurriola ikastolako gurasoek kultur elkartea desegitea eta kooperatiba bilakatzea erabaki zuen. Garai horretan guraso askoren harra zen O.H.O. osoa eskaini ahal izatea ikastolan bertan, eta 1980ko abenduaren 11n Hurrako zelaia erosteko hitzarmena sinatu zen. 1980-81 ikasturtean haur batzuk Barandiaran Lizeora joan ziren O.H.O.ko 6. maila egitera; beste batzuk, berriz, Zurriolan bertan geratu ziren.

Obra amaitu bitartean eskolak emateko orubean zegoen zaintzailearen etxebizitza erabili zen. Azpimarratu behar da proiektu berriak barneratzen zuela Zurriola Ikastola 2 lerrodun ikastetxea bihurtzea, beraz, garai horretan ikasle gehiago onartzen hasi zen ikastola. Eraikitze lanak 1982-83 ikasturtean amaitu ziren.

Zurriolaren proiektu berriak eragin zuzena izan zuen Barandiaran Lizeoaren matrikulazioan. Bestalde, 1984an indarrean jarri zen irakaskuntza legediaren ondorioz, ikastetxeei orduko OHO-EGB osoa eskaini beharra etorri zitzaien. Horrek Barandiaran Lizeoaren egokitze-aldi bat eragin zuen, eta orduko BBB eta UBI eskaintzeari ekin zion. 1984an lur-zati bat erosi zuen ikastolak Belaguan, udan kanpaldiak egiteko aukera eskaini ahal izateko. Hurrengo urtean, berriz, “Tapones Ordoñez” lantegia erosi zuen (Kortxos izenarekin ezagutu duguna), pentsatuz ikastolak hazi beharra izanez gero, han zuela aukera egokia. 1991n Villa Sakramenton alokairuan zuen zatia erosi egin zuen ikastolak, beti bezala hipoteka-maileguak baliatuz.

1993ko maiatzaren 22an eginiko batzarrean Zurriola ikastolako bazkideek muzin egin zioten sare publikoan sartzeari, Barandiaran Lizeoan egin zuen bezalaxe. Barandiaran Lizeoa osatzen zute beste lau ikastoletako bazkideek, berriz, sare publikoan sartzearen aldeko apustua egin zuten. Hortik aurrera zaildu egin zen Barandiaran Lizeoaren egoera, eta lan gogorra egin behar izan zuten urteotan euren martxari eutsi ahal izateko. 1994n LOGSEk irakaskuntza etapen markoa aldatu egin zuen. Derrigorrezko Bigarren

Hezkuntza ezarri zuen eta, horrekin batera, nahitaezko eskola garaia 16 arte luzatu zen. Zurriola ikastolak DBHa ezartzea deliberatu zuen. Horretarako, Hurrako egoitzan handitze lanak egin behar izan ziren.

Beste behin ere, Zurriola Ikastolak eta inguruko beste ikastetxeek hartutako erabakiak ikaragarrizko eragina izan zuen Barandiaran Lizeoaren planteamendu pedagogikoan.

Egoera gordin horren aurrean Barandiaran Lizeoak berriro ere egokitze prozesu bati ekin behar izan zion. Horrela, 1998an Goi Mailako Heziketa zikloak eta Batxilergo aukera ezberdinei ekin zien: 1998an Gorputz eta kirol ekintzen sustapena izeneko Heziketa zikloa jarri zuen abian; 1999an Batxilergo Artistikoa; 2001ean Batxilergo Eleanitza eta 2002an Publizitatearen Arte Grafikoak heziketa zikloa eskaintzen hasi zen.

XXI. MENDEA: PROIEKTUA BERRINDARTZEN

XXI. mende hasierako egoera hurrengoa zen: ikasleriari dagokionez, Zurriola ikastolak egoera nahiko sendoa zuen. Erantzun ezinik zebilen Haur Hezkuntzan izena ematen zuten haur guztiei lekua emateko. Baina, horrekin batera, kezka sakona eragiten zuten datuak ere bazeuden: DBHra arte “ikastola” proiektuaren baitan hezitako ikasleen gehiengoak beste eredu batzuetara jotzen zuen Batxilergoa egitera.

Barandiaran Lizeoa, aldiz, justu antzean zebilen azken urte horietan.

Egoera horren aurrean bi ikastolak elkartzea aztertzen hasi ginen Donostiako ekialdean hezkuntza osatua eta orekatua eskaintzea ahalbidetzen zela ikusiz. Horrela bada, 2008ko otsailean, bai Zurriola Ikastolako eta baita Barandiaran Lizeoko Batzar Nagusiek bi ikastolak bateratzea erabaki zuten, aurrerantzean Zurriola Ikastola izenarekin ezaguna izango dena.